XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Gasolinaren salneurriak pezeta bat merkeago jarriko ditu Campsak gaur

Gasolina mota guztien prezioak pezeta bat jaitsiko dira gaurtik hamabost egunera bitartean.

A eta B gasolioak ere 0,8 pezeta merketuko dira eta C motakoak 0,9 pezeta, Campsak atzo ezagutarazi zituen prezioen arabera.

Jaitsiera hauekin, super gasolinak litroko 96 pezeta balio izango du abuztuaren 4era arte, Gasolina arrunta 92 pezeta kostako zaio kontsumitzaileari eta berunik gabeko erregaiaren prezioa 94 pezetakoa izango da.

A eta B gasolioen prezioa litroko 72,9 pezetakoa izango da eta C gasolioa 41,1 pezetan geratuko da.

Erregaien prezioen jaitsiera hauek zerikusirik dute Alemania, Frantzia, Italia, Belgika, Holanda eta Erresuma Batuan gertatutakoekin.

Lurralde hauek erreferentziatzat hartzen dira Espainiako prezioak finkatzerakoan.

Dolarraren beherakadak ere erregaien jaitsieran eragin du, Campsako iturriek atzo ziurtatu zutenez.

ABUZTUAN IGO LITEKE

Hala ere, gasolinaren prezioaren beherakada hau behin-behinekoa izango da, abuztutik aurrera Balio Erantsiaren Zerga bi puntu igotzen bada (% 13tik % 15era).

Kasu horretan, gasolina eta gasolioak berehalakoan igoko dira berriz, beharbada 1,5 pezeta litro bakoitzeko, nazioarteko merkatuetako prezioa edozein dela ere.

Hala ere, datorren abuztuan gasolina igoko balitz ere, Espainiak ez luke Europako Komunitateko lurraldeetako preziorik altuenetakoa.

Izan ere, Frantzian super gasolinak 100 pezeta baino gehiago balio du; Italian, ia 129 pezeta.

Belgikan, 99 pezeta eta Holandan 112 pezeta.

Lurralde guztietako gasolinaren prezioen batezbestekoa 102 pezetakoa da.

ERREGAIEN PREZIOAK / Uztailak 21 / EGUNGO PREZIO ERREALAK / Gasolina superra / Berunik gabekoa / Arrunta / A eta B gasolioak / C gasolioak / Salneurriak pezetatan.